Asteburu zoragarria pasatu dute Elorri Bertso Eskolako gaztetxoek Bizkaiko Bertsozale Ekarteak antolatutako bertso barnetegian. Gorozikako aterpetxean izan dute oraingoan hitzordua eta Bizkaiko eskualde guztietako ikasleak batu dira bertan inguruak bertsoz kutsatzeko. Guztira 31 izan dira gerturatu diren gazteak. 13 urtetatik 16 urtera, neska zein mutil, txintxo zein oker, ugariak izan dira bizitako abenturak.
Ostiralean egin zieten harrera Bertsozale Elkarteko begiraleek eta ezagutza jolasak egin ostean, altxorraren bila ibili ziren Gorozikan zehar. Larunbat goizean askori eta askori gogorra egin zitzaien Bizkargirako bidea, gauez lo gutxi egiteagatik agian? Arratsaldean taldeka banatu eta bertsotan egin zuten. Aukera paregabea lagun berriekin kantuan aritzeko eta ezagutzak elkarbanatzeko!
Gauean sorpresa polita jaso zuten Arkaitz Estiballes eta Eneko Abasolo “Abarkas”-en bisitarekin. Bertso afariak bateriak kargatu eta prest zeuden denak berriz ere bihurrikerietarako!
Laburregia izan dela izan da gehienen iritzia, baina poztekoa da hori entzutea ikasleen ahoetatik. Ekainean berriz elkartuko gara, eta orduan ere, Elorri Bertso Eskolakoek prest edukiko dituzte motxilak eta lo-zakuak, Bizkaiko gainontzeko bertsolariekin batera, mundu txiki honetako protagonistak izateko!